1) Eskolak ematea
Esan daiteke eskola berbak pedagogiarekin daukala loturarik handiena. Gurean, behintzat, hala da, neurri handi batean. Eskolak oraingo egoitzan ematen ditugu, Algortako Karitate kaleko 1.an, batzar gela txikian gaztetxoena, eta areto nagusian nagusiena. Egunari dagokionean, eutsi egin diogu 20 urtetako tradizioari, eta astearteetan ematen ditugu (egoitza berrian gela bat hartu genuenean ipini genuen ezinbesteko baldintza izan zen martitzenetan areto nagusia erabili ahal izatea, eta baietz esan ziguten; ez zen kapritxo hutsa; 20 urteko historiak badu bere pisua).

Nagusien eskola
Nagusien mailan hamabost bat gazte ditugu bat-batean kantatzeko modukoak. Gero, beste batzuk ere ibiltzen dira inguruan, baina, egia esan, bat-bateko taldeari ematen diogu lehentasuna, hau da, gure eskoletan kantatu egiten da, eta ariketa zein jarduera guztiak bat-batean kantatzeari begira zuzendurik daude. Alde horretatik, azpimarratu nahi dugu bat-bateko eskola garela.
Pedagogiaren aldetik, nagusien eskolak nahiko askeak izaten dira, eta zertan ukatu, baita nahiko bat-batekoak ere. Ez dugu programa zehatzik jarraitzen. Egun batean, batek jartzen ditu gaiak, beste batean beste batek, hurrengoan denon artean, halako batean batek ariketa bat proposatzen du, bestea zirikatzen hasten da… Denak balio du, azken helburua bat-batean kantatzea bada. Teknika ere lantzen dugu, baina ez era sistematikoan. Programa jakin bat ez garatzearen arrazoi nagusia eskolaren eta eskolakideen gorabeheratasuna da, hots, bolada batean dabilen jendea ezkutatu egiten da hurrengoan, eta horrela gaitza da programa zehatz bat aurrera ateratzea.
Sistema honek, jakitun gaude, muga bi ditu: batetik, teknika hutsuneak gerta daitezke gure eskolakideen formazioan; eta bestetik, zaila da maila honetara heltzea 0tik hasita, hau da, eskolara datorren ikasle berriak egundoko ahalegina egin beharko du dagoeneko bat-batean kantatzen dakiten lagunen mailara heltzeko. Abantailen zerrendan beste aipagai bi ditugu. batetik, guztiok ikasten dugu guztiongandik (askotan oso mamitsuak izaten dira gure arteko informazio trukatzeak), eta bestetik, entrenamendugune oparo bihurtu da eskola, hau da, halako egunean plazara irten behar duen eskolakideak aski du aste pare bat aurretik eskolara hurbiltzea, bertan topatuko baitu kantulagunik.

Gaztetxoen eskola
Gaztetxoen eskola bestelakoa da. Egituraren aldetik, formalagoa da nagusiena baino: eskolako bat (edo batzuk) aritzen dira irakasle, eta teknikaren lanketa progresiboak garrantzi handia dauka. Edozelan ere, azken helburua, nagusien eskolan bezalaxe, bat-batean kantatzea da, eta zorionez esan dezakegu helburu hori bete egiten dela; izan ere, gaztetxoen taldean dabiltzan bederatzi gaztetxoek badakite bat-batean kantatzen.
Gaztetxo hauen jatorriaren inguruan esan behar dugu, kasu gehienetan, eskualdeko ikastoletan eman edo ematen ditugun eskoletatik etorriak direla. Horrexegatik ematen diogu hainbesteko garrantzia eskualdeko ikastetxeetan eskolak emateari. 2004tik Getxoko hainbat ikastetxetan 200dik gora bertso-ikasle ditugu, Getxoko Udalarekiko hitzarmen bat dela bitarte.
2005. urtean Xabier Paia ALBEko kidea gaztetxoen talde berri batekin hasi da lanean, bat-batean kantatzeari begira. Astean behin batzen dira ordu betez, eta apurka-apurka aurreko gazte-belaunaldiak zabaldutako bidetik sartuko dira.

2) Eskolako bertsolariak plazaratzea
Gure eskolan trebatzen diren bertsolariek plazarako saltoa ematea izaten da gure ardura nagusietako bat.Ez da erraza, baina, hainbeste bertsolari on eta trebe dabiltzan mundutxo horretan eskua sartzea. Guk hori badakigu, baina eskolako bertsolariak plazara bidean jartzea gure helburuetako bat denez, gure esku dagoen guztia egiten dugu horren alde.
Horretarako, neurtu egiten ditugu gure eskualdean antolatzen ditugun saioak, batetik, jendearen gustuko gerta daitezen,
eta bestetik, bertsolari hasi berriei plazaratzea samur gerta dakien.
Irizpide horren arabera, gure eskualdean saio mota bereiz daitezke: eskolako kidez osaturiko bertso taldea, eskolako kidez eta kanpoko bertsolariz osatutakoa, eta kanpoko bertsolariak baino ez dituena. Guk garrantzitsu deritzogu hirurak txandakatzeari.
Gaztetxoen taldea plazaratzeari ere egundoko garrantzia ematen diogu, eta honezkero hasita gaude presio handiegirik gabeko plazak leurentzat beren beregi lortzen, bai eta nagusien zenbait saiotan agurra edo lehenengo puntua ematea bezalako lanak eta ardurak ematen.
Egia esan, gaztetxoen erantzuna beharleku horretan parebakoa da. Aurkezle eta gaijartzaile arloan, erabateko lehentasuna ematen diogu eskolako jendea lan horietan ipintzeari, besteak beste, eskolan lan horiek dotore egiteko moduko jendea daukagulako.
Kontu egizue bertsoen ingurukoak ez diren ospakizunetan ere aritzen direla gure eskolako aurkezleak.

3) Ekitaldiak antolatzea
Gure eskolak tradizio luzea dauka ekitaldien antolaketan. Baina aspaldion, eta ikusita gure eskualdean ez dela saiorik falta, gure helburua ekitaldi asko eta ondo antolatzea da. Horretarako, berebiziko garrantzia dauka urteari neurria hartzea. Urtea luzea da, baina behar bezala planifikatu ezik, datak gainera datozkizu, azken orduko antolaketak eragitera behartuz, eta ekitaldien kalitatea murriztuz. Beste alde batetik, herri eta eskualde guztietan izaten dira erreferentzia batzuk urtean zehar, dela ospakizunen bat, dela jai bereziren bat… eta egun giltzarri horiek egoki lotuz gero, zelanbaiteko egutegia osatzen da, ekitaldi urtearen bizkar hezurra izango dena.
Guk maila askotako ekitaldiak antolatzen ditugu, baina jaialdi arranditsuak bezainbeste zaintzen ditugu auzo mailako ospakizun xumeak, eta azken batean, horixe da gure lan filosofia.
Amaitzeko esan dezakegu ekitaldi bat antolatu ostean egin dakigukeen ordainketarik onena, hurrengo urtean (edo urte berean) berriro deitzea dela, horrek esan nahi baitu antolatzaileek gugan ipini duten konfiantzak tamainako erantzuna izan duela. Era berean, gurera datozen bertsolariak gustura aritu daitezen eta ahozapore ona gera dakien egiten dugu ahalegina, jokaera horrek bertsogintza eta bertsolaritza duintzen baititu.

4) Bestelako kolaborazioak
Argitalpen mailan, konpromiso bi ditugu gure eskualdeko bertsozaleekiko Lehenengo eskola mailakoa da, hau da, ALBEko bazkideei dagokiena. Hilabetero argitaratu ohi dugu ALBEKARIA izeneko berripapera. Berripaper honek barne buletinaren funtzioa betetzen du, eta gure eskolako bazkideak direnei (50 bat lagun) baino ez zaie bidaltzen (batzuetan, zabaldu egiten dugu esparrua, baina behin-behinean eta salbuespen gisa baino ez). Argitalpen hori orritxo bat izaten da, koloretan inprimatua, eta gure eskualdeko bertso mugimenduaren berri ematen du.
Hortik gora, bada gure kolaborazioetan beste bat, kontuan hartzeko modukoa dena: UK Ipar Uribeko euskara hutsezko aldizkariarekin daukaguna. Hamabostero eskolako Josu Arroyok orrialde bi idazten dizkigu, eskolaren, eskolakideen eta bertsolaritzaren berri ematen duena. Sailaren izena URIBERTSOAN BARRENA da, eta hiru azpiatal ditu: ALBE alerik ale (bertso eskolako lagunen berri, ERAKUSLEIHOA (elkarrizketatuaren beografia laburra) eta HIRU LERROAN (elkarrizketatuak jarritako hiru bertso).
Jarduera mailan, harremanak ditugu Bertsozale Elkartearekin, Ikastolen Elkartearekin, eskualdeko udalekin (batez ere Getxokoarekin eta bertako Kultur Etxearekin), kultur taldeekin, gure eskolako bazkideekin eta eskualdeko bertsozale guztiekin.
Azkenik, proiektu berri eta erakargarri bi aipatu behar ditugu: gure web orria, eta beronen barruan kokatuta dagoen AHO ZABALIK argitalpen digitala (gure urteko ekitaldietako bertsorik onenen bilduma). Aurrerantzean ere, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak baliatzen jarraitzeko asmo irmoa daukagu.