| 1.
Algortako bertso-eskolaren historiaurrea
Algortako bertso-eskola, talde natural bezala, 1980an sortu
zen Andoni Iriondo Barrenetxea mendarotarraren eta Trino Azkoitia
Azpitarte azkoitiarraren ekimenez.
Lehenago baina, izan da hemen Algortan, Getxon, Uribe Kostan
eta Ipar Uriben bertoko bertsolari eta bertsozalerik. Gaur
egun, eskolako hiru lagun (Josu Landeta, Fredi Paia eta Joseba
Santxo) dabiltza gure eskualdeko bertso-historiaurrearen bila
eta, egia esan, pozteko moduko aurkikuntzak egin dituzte.
Esaterako, jakin dugu gure eskualdean herri-bertsolari ugari
ibili zirela, bai eta batzuek Bizkai-mailako txapelketetan
ere jardun zutela. Gainera, hainbat bertsozale ere ba ei zen
hemengo bazterretan, orduko gure bertsolarien bat-batekotasuna
paraje-parajetik bizi izan zutenak.
Dagoeneko material apur bat batu dugu: elkarrizketak, bertsoak,
bertso-paperak, datuak… baina lanean segitzen dugu,
nahiko material batutakoan, berariazko argitalpen bat egiteko
ustearekin.
2. Algortako bertso-eskolaren
historia
2.1. Sorrera
Eskolaren sorrera 1980an gertatu zen, Andoni zenak zioen
moduan, txiripaz. Urte hartan, Trino Azkoitia Azpitarte
Azkoitiako seme getxoztartuak (lan kontuengatik) eta Andoni
Iriondo Barrenetxea Mendaroko seme getxoztartuak (getxoztar
batekin bertora ezkondua) elkar ezagutu zuten, halabeharrez,
Bilboko Erakustazokan euskararen alde egin zen jaialdi batean
(webgune honetako karatulan gure logoa osatzen duten
pieza biak ageri dira, labirinto moduko batean sartuta,
bueltaka, harik eta elkar topatu eta bat egiten duten arte.
Pieza bi horiek Andoni eta Trino irudikatzen dute, eta piezen
elkartzea bien arteko elkar ezagutzea).
Edozelan ere, elkar ezagutze hura ez zen izan kasualitate
hutsezkoa, izan ere, sasoi hartan euskal giroa gorantz zihoan
etengabe, baita euskaldunen kopurua ere, eta euskaltzaleak
sarri-sarri elkartzen ziren euskararen aldeko ekitaldietan;
gau- eskolak eta euskaltegiak ereindarrean zeuden, eta orduko
giro hark lagundu egiten zion euskalgintzari, oro har.
Bertsolaritza mailan ere, berrikuntza airea zetorren, batez
ere Bizkaia aldean, Xabier Amuriza etxanotarraren eskutik.
Amuriza, kartzelan hausnartu ondoren, bertsogintza iraultzen
hasi zen: bertsolaria, sortzez ez ezik, eskolatuz ere egin
zitekeelako ideia berritzailea; euskara batuaren erabilera
bertsotan; bertsoaren alderdi formalaren garrantzia, metrika,
errima… ; 1980ko eta 1982ko Euskal Herriko txapel
biak irabazteak sendotasuna eman zion berbaz eta teoriaz
zekarren planteamenduari.
Bilbo aldean hasi zen gure Xabier, sasoi hartan bertan,
ikastaroak ematen, bere teoriak zelanbait gorpuztu guran.
Handixek sortu ziren, bada, gerora bertso-eskola berriak
deituko zirenak, kasutarako, Santutxukoa edo Algortakoa.
2.2.
Bilakaera urteka
1980.
TALDE NATURALA
Lehenengo biltokia Algortako Zabala herri-ikastetxeko
gela bat izan zen. Orduko eskolako partaideak berezko
bertsozaleak izan ziren eta jardunak formalismo handirik
gabekoak: alkartu eta kantatu, sarri-askotan gazta eta
sagardoa tartean zirela. Batu astearteetan batzen ziren
orduko eskolakideak.
1981.
ESKOLA FORMALA
Bigarren urtean eskolako lagunek Zabala ikastetxea utzi
eta San Nikolas ikastolako geletara aldatu ziren. Aldaketa
hartan, orduan San Nikolaseko administratzailea zen Xabier
Agirregomezkorta zenak izan zuen eraginik. Bera ere bertsozale
handia izanik, asko erraztu zuen lekualdatzea. Ikastolan
hasteak mesede egin zion bertso-eskolari, euskaldunen
artean laster zabaldu baitzen bertso-eskola bat martxan
zelako berria. Orduko eskolak formalagoak izan ziren,
arbela erabiltzen zen, bertsoak idatzi egiten ziren, magnetofoia
ere erabiltzen zen…
1982-1985.
URREZKO AROA
Eskola ez ezik, euskal giroa ere goraldian zegoen. Ikasle
kopurua ikaragarri handitu zen. Gazte mordoa batu zen
orduko eskolara, gehienak neskak. Laster bi talde bereizi
behar izan ziren, hasiberriei oinarrizko eskolak eman
ahal izateko. Irakasle gehiago ere behar izan ziren.
Hor aipatu behar dugu, hasieratik bertatik irakasle lana
egin zuen Trino Azkoitiaz gain, Mungiako Karlos Ibarzabal,
bera ere irakasle aritu baitzen orduko eskolan (geroago,
Mungiako bertso-eskola sortuko zuen Karlosek). Hirurogei
bat ikasle izateraino ere heldu zen gure Algortako bertso-eskola.
Eskolatik kanpo ere, koadrila ziren eskolako lagun asko.
1986-1988.
BELAUNALDI ALDAKETA
Aurreko aldian eskolan ibilitako jende askok utzi egin
zion eskolara joateari. Ez ziren denak bat-batean aldendu,
apurka-apurka baino. Honetan, seguru antzean, ez zen arrazoi
bakarra egongo: berritasunik eza, maila batetik gora egin
ezina, astero-astero eskolara joan beharra… Kontua
da taldea ikaragarri murriztu zela, baina, zorionez, euskaltegietatik-eta
jende berria sartu zen. Eskolako Trino bilakatze arriskutsu
haren lekuko zuzen eta bizia izan zen eta, zorihobez,
talde zahar-berrituaren maisu eta erreferentzia izaten
jarraitu zuen. Ordurako, bazen eskolan bat-batean kantatzen
polito moldatzen zen taldea.
1989-1991.
BERTSO ESKOLATIK IKASTETXEETARA
Aldi honetan, etorkizunean giltzarri suertatuko zen jauzia
eman zuten eskolako orduko kideek: bertsolaritza-eskolak
ematen hasi ziren eskualdeko zenbait ikastolatan, ikastorduz
kanpoko jarduera moduan. Joseba Santxok ekin zion bide
horri, 1989an Algortako San Nikolas ikastolan, 1990ean
Sopelako Ander Deuna ikastolan eta 1991an Leioako Gobela
ikastolan (egun Betiko ikastola dena). Geroago, Iñaki
Benito del Valle ere hasi zen Getxoko Geroa ikastolan.
Emaitza ezin hobea izan zen. Lehenengo urtean, hamar bat
laguneko taldea osatu zen San Nikolasen. Belaunaldi hartatik
etorri ziren Josu Arroyo, Peio Unzurrunzaga, Jagoba Pereda
eta gerotxoago Xabi eta Fredi Paia anaiak, besteak beste.
Sopelako ikastolako esperientzia itzela izan zen: berrogeitik
gora ume apuntatu ziren bertsolaritza-taldean. Leioan
eta Geroan ere koadrila politak batu ziren. Orduko sasoian,
indar handiagoa izan genuen ikastetxeetan eskolan bertan
baino. Eskolan lagun batzuek baino ez zioten eutsi astearteroko
betiko martxari. Aurrerago, Josu Landetak hartu zuen Joseba
Santxoren lekukoa eskolaz kanpoko jardunean, eta gainera
ikastola gehiagotara ere zabaldu zuen jardun-eremua: Leioako
Altzagara eta Erandioko Kukularrara. Gure bertsolaritza-talde
sare horretan, bertsolariak sortu ez ezik, makina bat
lagun jantzi da bertso kulturaz, eta baita beste zenbait
bertsozale sutsu bilakatu ere. Aldi hartan, bestelako
ikastetxeak ere ukitu genituen bidenabar, esaterako, Berangoko
ikastetxe amerikarreko umeei bisita egin genien, bertsopaper,
eskusoinu eta guzti.
1992.
ANTOLATU ETA KANTATU, KANTATU ETA ANTOLATU
Urte hartan, aurreko urteetan ikastetxeetan egindako lanari
jarraipena eman ez ezik, beste arlo bitan ere egin genuen
aparteko ahalegina: antolakuntza eta bat-bateko taldearen
jarduna. Euskal Herrian sonatuak izan zen gure eskolak
eratutako Balendin Enbeita bertsopaper-lehiaketa, bai
bere ezaugarriengatik (hainbat atal eta azpiatalen bitartez,
promozioari begira diseinatu genuen), bai eta bere sari
ederrengatik ere. Gainera, sariak hartarako beren beregi
antolatutako bazkarian banatzen ziren, Neguriko Errota
Zaharra jatetxean. Gero aurkeztutako bertsorik onenak
argitalpen dotorean zabaltzen ziren. Gaur egun, lehiaketa
bertan behera utzia dugu, baina berriz antolatzeko asmotan
gabiltza.
1995.
LEGEAREN BIDEA: KULTUR ELKARTE BIHURTZEA
Bertso eskola elkarte bihurtzeko burutazioa eskolaren
sortzaileei ere otu zitzaien aspaldi, baina honegatik
edo hagatik, ez zuten zertu. 1995ean eskolan ibili ziren
lagunek elkarte bihurtzea erabaki zuten, batez ere tramite
burokratikoetarako-eta (ordainketak, diru-laguntzak, e.a.)
lagungarria izango zelakoan.
Orduantxe sortu zen, historian lehenengoz, eskolaren izen
ofiziala: ALGORTAKO BERTSOLARI ESKOLA «ALBE»
ELKARTEA.
Bertso eskola barik, «bertsolari eskola» izena
hautatzeak bazuen bere arrazoia: Trinoren iritziz, «bertso»
izena orokorregia zen, eta gainera bertsolaria da eskolaren
oinarria eta helburua, bakarra ez bada ere. «ALBE»
laburtzapenarena argi dago: izenaren bertsio laburra nahi
genuen, eta «ABE» ordurako hartuta egon zen;
halandaze: ALBE, ALgortako
Bertsolari Eskola
1996.
ESKOLAREN AURPEGI BERRIA: GURE LOGOA
Halako batean, geroago eta gehiago hedatuz zihoan gure
jardunak erreferentziazko irudia behar zuela bururatu
zitzaigun. Gasteizko gure lagun Zuriñe Asteasu
Ugalde diseinatzaileak egin zigun, ondo egin ere, aurrerantzean
eskolaren logotipoa izango zena. Ez zuen gutxi nekatu
burua gure Zuriñek; izan ere, gure logoak sinbologia
zoragarria dauka bere baitan. Labur-labur esanik, bertsolari
biren buruak daude irudikatuta logoan, alde banatara begira.
Horrek bitasuna adierazten du, eta zeharka, ugaritasuna
eta aberastasuna ere bai; alde banatara begira egoteak
bertsoketaren dialektikaren kontrakotasuna edo oposizioa
adierazten du; koloreek ere badute esangurarik, laranjaxkak,
kolore beroen gamakoa izanik, grina, sentimendua eta berotasuna
adierazten du; urdinxkak, berriz, kolore hotzen gamakoa
izanik, bertso lanaren zehaztasuna, hoztasuna eta buru-lan
teknikoa adierazten du. Pieza biak loturik daude, esan
gurarik bertsolariaren bihotzean bat eginda daudela bi-biak.
1997.
EMAN ETA ZABALDU
Legeztatzea eta logoa sortzea jauzi kualitatiboak izan
ziren eskolaren joanean. Batetik, legeztatzeak kreditoa
eman zigun erakundeen aurrean, bai eta zenbait tramite
burokratiko erraztu ere. Logoaren ekarpena, berriz, irudi
mailakoa izan zen. Jendea laster hasi zen gure logoa eta
gure jarduna elkarlotzen eta, beraz, efektu bikoitza lortzen
genuen gure logoa erabiltzen genuen ekitaldi guztietan.
Denboragarrenean logo hori label bermea izan dadin ahalegintzen
ari gara, gure jardueraren zabaltzean eta duintzean ere
lagun diezagun.
1998.
FORMULA BERRIA: IKASTAROA
Ibilian-ibilian, hutsune bat sumatu genuen gure jardunbidean:
nagusien mailan, ez zen ikusten aurpegi berririk; inertzia
hutsak eramaten gintuen aurrera. Bestetik, gero eta ozenagoa
zen herriko jendearentzat «0 maila»tik hasteko
moduko ikastaroren bat antolatu behar genuelako aldarria.
Azkenean, pauso hori ematea erabaki genuen. Josu Landetak
eta Joseba Santxok eman zuten ikastaroa. Hogeita hamar
ikaslek eman zuten izena eta ikastaldiak egundoko arrakasta
izan zuen. Eskola guztiek atal bina izan zituzten: teorikoa
(teknika eta bartso-paperak) eta praktikoa (mikrofonoaren
aurreko jarduna). Oraindik ere badabilkigu eskolaren inguruan
orduko ikastaroan hasitako ikaslerik.
1999.
IKASTAROAREN OSTEA
Ikastaroaren emaitza sano ona izan zen, eta bere ondorioa
are hobea; izan ere, ikastaroan ibilitako ikasle batzuek
eskolan jarraitu zuten ikastaroa amaitu eta gero ere.
Gainera, eskolen atal praktikoan eskolako kideak inplikatu
genituen, eta horrek barne dinamizazioa ere ekarri zigun:
lehengo bat-bateko entranamenduak jendaurreko bertsosaio
didaktiko bihurtu ziren, eta horrek gure onena ematen
behartu gintuen. Ikastaroaren iraupena hiru hilabetekoa
izan zen, urtarriletik martxora arte, eta asteko jarduna
ikastordu bikoa, astearteetan. Ordu larregi izan ez arren,
ikasleek bertsogintzaren ideia orokorra hartzeko, eta
batez ere, bat-bateko jardunaren teknika ezagutzeko, balio
izan zuen.
2000.
HOGEIGARREN URTEURRENA: HELTZAROA
Zorionez, gaur egun eskolan gabiltzanok sasoiz ohartu
ginen gure egoeraz, gure iragan mamitsuaz, gure orain
oparoaz eta gure etorkizun itxaropentsuaz; eta aprobetxatuz
2000. urtean eskola sortu zenetik 20 urte igaroak zirela,
urtebetetze hori handikiro ospatzea erabaki genuen. Ospakizunaren
leloa hauxe izan zen: 20 URTEAN ZUEN ARTEAN, hau da, bertsozaleari
egindako keinua. Beste alde batetik, 20 zenbakia ere baliatu
nahi izan genuen eskolaren inguruari indarra emateko,
eta erronka modura planteatu genuen: 20 urte, 20 ekitaldi.
Egia esan, aurreko urtean, 1999an alegia, 27 ekitaldi
antolatu genituen, halandaze, trankil ibiltzeko moduan
ginen; baina jende gehienak, batez ere gure eskualdetik
kanpokoek, ez zekien hori, eta egundoko marka iritzi zioten
urtean zehar 20 bertso ekitaldi antolatzeari. Horrez gain,
gala bat antolatu genuen urte amaieran Getxo Antzokian,
ospakizun-urteari amaiera arranditsua ematearren. Gala
hartan, Zuriñe Asteasuk diseinatutako logoan oinarriturik,
Aitor Zumalabe gure diseinatzaile lagun bilbotarrak taxututajko
AHOBI SARIA aurkeztu genuen, eta bide batez, Euskal Herriko
40 bat bertso-eskola saritu genituen, AHOBI jaioberria
sari bihurtuz. Azkenean, 20 barik, 26 ekitaldi burutu
genituen 2000. urtean zehar, eta AHOBIEN GALAk arrakasta
handia izan zuen. Garrantzitsua, baina, teloi atzean gertatu
zen: bertso eskola zahar-berritu bat harrotasunez, ilusioz
eta etorkizunez bete genuen, 20. urteurrenaren aitzakian.
Beste maila batean, egoitza ere aldatu genuen eta orain
gauden lekura etorri: Karitate kalea, 1-16. bulegoa. Algorta
/ 48993 GETXO. Eskolak asteartero ematen jarraitzen dugu,
orain dela 24 urte legetxe.
2001-2003.
TXIRI-TXIRI, DENEAN AURRERA
20. urteurrenetik aurrera, gure helburua ikaragarri atomizatu
da. Oraintxe momentuan ez daukagu buruan eman beharreko
aurrerapauso berri eta jakin bakarra. Gure oraingo helburua
helburu txikiago askorekin osatuta dago, hots, pausoz
pauso eta ibiliaren porazuz egin ditugun lorpen txiki
guztietan hobetzea eta sakontzea; hori bai, buruari eragiteari
utzi barik, eta ingurutik jasotzen ditugun iritzi eta
ideia interesgarri guztiei arreta jarriz. Esan dezakegu,
hutsuneak hutsune eta akatsak akats, gaur egun Algortako
Bertsolari Eskola bertso-eskola normalizatua dela eta,
okerrik ezean, bihar-etzi ere hor izango dela, bertsolariak
sortzen, bertsozaleak trebatzen, euskaldunak bertsozaletzen
eta bertsoaren kultura esportatzen.
|